XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IRATXO

Etxeko leihoren bat zabalik uzten banuen goizean, gauean, etxera itzultzen nintzenean, esnea galduta aurkitzen nuen.

Ez beti, batzutan baino ez.

Arazoa aztertzen hasi nintzelarik, berehala konturatu nintzen noiz aurkitzen nuen esnea galduta: Esnezti ez, beste edozein esne marka erosten nuenean.

Horretaz konturatu bezain laster jakin nuen zer gertatzen zen.

Beno, kontutan izan nuen baita, ez nuela inoiz ere gatzik edo beste ezerik galduta aurkitzen.

Beraz, xedera prestatzeko behar nuen guztia nekien.

Goiz hartan ere leihoa zabalik utzi nuen, nire galtzerdiei darien kiratsa kendu eta gela aireztatzearren, bide batez.

Hozkailuan Behigoxo botila ireki berria utzi nuen.

Ez nuen besterik behar erruduna harrapatzeko.

Gauean heldu nintzenean, han zebilen iratxoa, burua kea botatzen, zabalik utzitako leihoaren aurrean.

Belarritik eutsi eta leihoa itxi nuen.

- Harrapatu egin zaitut, madarikatu hori - esan nion, belarriari eusten utzi barik - Zeuk galaraztu izan didazu esnea, ezta?

- Zelan konturatu zara?

Ay! min ematen didazu.

Utzi baketan nire belarria eta dena kontatuko dizut.

- Arin, ba, bestela... - barregura nintzen, baina seriotan hitz egiten saiatu nintzen.

- Begira, ni, ikusten nauzun bezala, iratxoa naiz.

Baserrian lanik gabe geratu naizenez, hirira, kalera etorri naiz.

Basoan geratu diren lagunei komikiak bidali behar dizkiedala eta, diru piska bat lortzeko, Esnezti etxearentzako lan egiten dut.

Zabalik uzten diren leihoetan zehar sartzen naiz etxeetan eta esneak galarazten ditut, Esnezti markakoak izan ezik.

Horrela, beste esneak txarrak direla ustera heltzen zarete eta gurea erosten duzue.

Lehen ere lan hori egin izan dut, baserriz baserri, jolas moduan, ze, badakizu, gu jan eta edan gabe bizi gara, baina komikiak oso garestiak dira... Eta beno, orain dena dakizunez, zergatik ez didazu kontatzen zelan egin duzun ni harrapatzeko - jakinguraz esan zidan iratxoak.